XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

G) HERIOTZA NEGOZIO GISA

Mozkinetan eta errentagarritasunean oinarritutako kontsumo-gizartean, heriotza ere negoziotarako gaia da. Heriotzaren inguruko merkataritza Estatu Batuetan sortu eta mendebaldera hedatu da. Hilobia lurzoru-espekulazioaren eraginpean dago. Gorpua prestatzeko eta hiletak egiteko gero eta zerbitzu zein produktu sofistikatuagoak daude. Giza gorputza, hil ondoren ere merkantzia bihurtu da.

MERKATARITZA-GIZARTEA

Sistemaren mekanismoak eta helburuak aztertuz, errentagarritasunaren eta mozkinaren oinarria merkatu-ekonomian murgilduriko mundu modernoko eragile nagusia dela ikusten da. Baliabideak ustiatu eta kudeatzeko dagoen lilura, lehiarako grina eta produkzio/banaketa/kontsumoaren mesedetan balore izpiritualen gainbeherakada, merkataritza-gizartearen alderdi batzuk baino ez dira.

Iharduerarik txikienak, objektu hutsal bat emateak edo hutsaren hurrengo zerbitzua egiteak trukean dirua eman beharra du ordainetan. Dena ordaindu egiten da eta etekinik ematen ez duena zirkuitutik kanpo uzten da. Pertsonen kalitatea ere errentagarritasunaren arabera neurtzen da.